2013-09-16

Ikasturte berria

Hasiera emango diogu laster 2013-2014 ikasturteari eta krisi garaian emango diogu hasiera. Batek baino gehiagok pentsa dezake ez dela une egokiena euskaraz ikasteko edo euskaraz ikasten jarraitzeko eta, hizkuntzak ikastekotan, hobe dela hizkuntza probetxugarri bati ekitea.

Bi ideiok, euskara eta probetxugarria izatea, ez daude askorentzat lotuta. Probetxugarria izatea, errentagarri izatea, ez da erraz neurtzen den zerbait.  Izan ere, zer errentagarritasun du, adibidez, lagunak izatea? Nola neurtzen da, adibidez, pertsona ona izateak dakarren probetxua?

Edozein hizkuntza ikastea da probetxugarria. Ez bakarrik hizkuntza horretan jakiteak eta aritzeak ematen dituen aukerengatik; ikastea bera ere probetxugarria da. Askotan azken emaitza azpimarratzen dugu, ikastea bukatzen denean lortuko dugun horri ematen diogu garrantzia; baina, ez da albo batera uztekoa ikasteak berak dakarren probetxua. Eta uste dut, ez diogula nahikoa balio ematen.

Erabilera ari gara azken urteetan azpimarratzen baina ahaztu egiten zaigu ikastea ere erabiltzea dela. Hala adierazten du, besteak beste, Europako Erreferentzia Markoak, “Hizkuntzaren erabilerak, ikaskuntza ere barne hartzen du, … pertsonen jarduerak hartzen ditu bere baitan.” Eta hala erakusten du euskaltegietako eguneroko errealitateak. Gure ikasleek erabili egiten dute hizkuntza, eta nola erabili gainera! Aztertu, zatitu, batetik eta bestetik begiratu, atzekoz aurrera ipini… benetako erabilera gertatzen da euskaltegian. Eta asmo bakarrarekin, jakina, euskaraz komunikatzeko gai izatea. Pausoka, askotan nahastu eta lotsa sentituz, askotan arazoei aurre eginez, baina beti aurrera eginez.

Askorentzat, eta arrazoi askorengatik, euskaltegia da euskara erabiltzeko gune bakarra. Garbi azaldu beharko genuke euskaltegietara etortzen direnak ez direla etortzen egunen batean erabiltzaile izateko prestatzera. Euskaltegi batera etortzen dena, lehenengo egunetik da erabiltzailea eta erabilera hori areagotzeko aukerak eta bitartekoak eskaintzen dizkiogu eten gabe euskaltegian.

Hor dago euskaltegien zeregin nagusia, askotan isilean geratzen dena, askotan gehiegi baloratzen ez dena eta askotan geuri ere ahaztu egiten zaiguna: askorentzat erabiltzeko lehen gunea gara eta, tamalez, askotan bakarra. Gune horretan geratzen denak markatuko du sarri aurrerantzean nolako erabiltzaileak izango ditugun. Lehen esperientzia horiek utzitako gozoak euskaldun asko sortu ditu; baina gaziak eta mingotsak ere izan dira tarteka. Horretan hobetu behar dugu euskaltegietan: inguru egokiak sortu behar ditugu, erabiltzailea gustura sentitzeko moduko inguruak, erabiltzen jarraitzeko gogoa sortuko dutenak, gero eta erabilera-esparru zabalagoak sortuko dituztenak, gero eta erabiltzaile gehiago inplikatuko dituztenak…

Horretan ari gara aspalditik eta oraindik zer hobetu asko badugu ere, ez dugu uste lan makala egin dugunik. Oraingo ikasturte honetan ere lan hori hartuko dugu gure gain. Askoren laguntzarekin eta arazo askori aurre eginda. Baina, gurera hurbiltzen diren guztiei gure onena eskainiko diegu euskara erabiltzen gustura senti daitezen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario